top of page

Laguntza-txakurrek beharrezkoak dituzten ezaugarri eta trebetasunak, besteak beste:

Soziabilitatea

Beste txakur, animalia eta pertsonekin elkarreragin, erlazionatu eta komunikatzeko gaitasuna eta prestutasuna.

Segurtasuna:

Bere buruarekiko eta inguruarekiko konfiantza du, eta horrekin portaera lasai eta orekatua erakusten du.


Ekimena:

Erabakiak hartzeko eta ekiteko gaitasuna, gidariaren etengabeko norabiderik gabe, eta jakin-mina eta autonomia erakutsiz.

Kudeaketa emozionala eta testuinguruaren erabilera:

Gertatzen dena ulertzeko eta emozioak modu osasungarrian eta egokian kudeatzeko gaitasuna.

Nola hezitu dut Kala? 

Laguntza-txakur bat prestatzea prozesu konplexu eta zorrotza da, txakurren psikologia eta portaeraren ontogeniaren ezagutza sakonaz gain, dedikazio handia eta txakurrarengan desiragarriak diren ezaugarriak eta trebetasunak behar bezala garatzeko beharrezkoa dena egiteko gaitasuna izatea eskatzen dituena.

Prestakuntzaren fase kritikoa: sozializazioa.

Kumeak adin goiztiarrean behar bezala sozializatzea funtsezkoa da haien garapen integralerako eta epe luzerako ongizaterako. “Aztarna” gisa ezagutzen den aldi kritikoan (orokorrean, 3 eta 14 aste bitartean), txakurkumeak bereziki irekiak agertzen dira esperientzia, pertsona, beste animalia eta inguru berrietara. Horiek modu positibo eta kontrolatuan jasotzen joatea funtsezkoa da portaera orekatuak garatzeko, hala nola, ingurune anitzetara egokitzeko gaitasuna, edota inguratzen duen munduarekin modu seguru eta positiboan elkarreragiteko trebetasuna.

Hurrengo fasean eta nerabezaroa amaitu arte, 18 hilabete inguru izan arte, txakurkumeek beren nortasuna garatzen jarraitzen dute, eta funtsezkoa da prestakuntza egokiarekin jarraitzea. Zure txakurrak zure pazientzia proban jarriko duela ziurtatzen dizut! Izan ere, fase honetan ohikoa da txakurrek jokaera desafiatzaileak erakustea eta ezarritako mugak probatzea (gizakiok bezalaxe). Funtsezkoa da hezkuntzan irmotasuna eta koherentzia mantentzea, eta aurretik ikasitakoak indartzea.

Laguntza-txakurraren trebetasun espezifikoak.

Ezaugarri horiez gain, laguntza-txakurrek beste trebetasun eta teknika espezifiko batzuk behar dituzte, entrenamendu espezifiko baten bidez lortzen direnak. Entrenamendu hori funtsezkoa da laguntza-txakurrak esku-hartzeetan behar bezala jardun ahal izateko eta, haien segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzeko.

Gaitasun espezifikoen adibide dira altueran hartuemantzeko gaitasuna (aulkietatik edo mahaietatik), erabiltzailearekin batera martxa koordinatua eramatea, edota laguntza fisiko eta emozionala emateko jarrera egokia izatea (burua magalean jarriz, adibidez).

Integra, programa terapeutikoak.

Trebetasun eta teknika espezifiko horiek trebatzeko, Integra taldearen zerbitzuak izan ditugu. Txakurrek Lagundutako Esku-hartzeetan espezializatutako diziplina anitzeko talde bat da Integra, eta Pellitero Metodoa erabiltzen du. Metodoa hartzaileen beharretara eta txakurren ikasteko prozesu naturaletara egokitzen da. Ebidentzia zientifikoan eta animalien ongizatearen errespetuan oinarrituta dago.

Talde honi esker, Kalarekin benetako esku-hartzeetan parte hartu ahal izan dugu kumetatik, beti laguntza txakur heldu batek lagunduta, bere entrenamendurako funtsezkoa izan dena.

bottom of page