Ikaskuntza funtsezko prozesua da egokitzapenerako eta biziraupenerako, eta ikaskuntzaren psikologiak prozesu hori gidatzen duten oinarrizko printzipioak ulertzeko aukera ematen digu. Printzipio horien arabera, nahiz eta ikaskuntzan pentsatzen dugunean gelak, liburuak eta giza irakaskuntzarako sistemak imajinatu, animalien eta gizakien ikasketa prozesuak uste duguna baino askoz gertuago daude.
Prozesu horiek ezagutzeak, animaliak hobeto ulertzen laguntzeaz gain, gure espeziea hobeto ulertzen ere laguntzen digu, eta oro har, ikuspegi baliotsu bat eta ikaskuntzarako oso tresna boteretsua ematen dizkigu.
1. Portaera baldintzatzen duten loturak (baldintzapen klasikoa).
Baldintzapen klasikoa, Ivan Pavlov-ek deskubritua, ikasketa prozesu bat da, zeinen bidez izaki batek bi estimulu lotzen dituen, halako moduan, non estimulu horietako batek erantzun automatiko bat eragiten duen. Ikaskuntza mota hau loturak sortzean oinarritzen da, eta gizakiok eta animaliok gure inguruan estimulu ezberdinen aurrean nola erreakzionatzen dugun ulertzeko oinarririk garrantzitsuenetarikoa da.
Baldintzapen klasikoaren adibideak gizakietan eta animalietan
Txakur bat beldurra eragin zion esperientzia bat izan duen leku batetik pasatzen bada (soinu indartsu bat edo ezusteko bat bezala), leku hori beldur sentsazioarekin lotzen ikas dezake. Horrela, leku horretatik igarotzen den bakoitzean, txakurrak antsietate edo deserosotasun bera senti lezake, nahiz eta bere beldurra eragin zuen estimulua jada ez egon. Lekua (estimulua) beldurraren emozioarekin lotzeak erantzun automatiko bat sortzen du, bere portaerari eragiten diona.
Gizakiengan ere, baldintzapen klasikoa hainbat modutan agertzen da. Demagun pertsona batek une zoriontsu eta berezietan entzuten duela abesti jakin bat; denborarekin, kantu horrek erantzun emozional positibo bat ekar dezake gogora entzuten duen bakoitzean, baita beste testuinguru batean ere. Edota, beste adibide bat litzateke usain jakin bat (ospitale-usaina, adibidez) esperientzia desatseginekin lotzen duen norbaitek deserosotasuna senti dezakeenean usain hori edonon hautematearekin soilik.
2. Ondorioen bidezko ikaskuntza (baldintzapen eraginkorra).
Baldintzapen eraginkorra, B.F. Skinnerrek garatua, portaerak sari eta zigorren bidez ikasi edo ezabatzeko prozesua da: jokabide bat saritzeak jokabide hori eman dadin aukerak areagotuko ditu, eta aldiz, saria ezabatzeak (arreta kentzea, adibidez), jokabidea eman dadin aukerak murriztuko ditu.
Printzipio hau erabilienetako bat da, bai gizakien heziketan, bai animalien entrenamenduan, eta bereziki, errefortzu positiboa. Izan ere, errefortzu positiboak, motibatzaile handia izateaz gain, irakasten duenaren eta ikasten duenaren arteko harremana eta lotura emozionala indartzen ditu (zigorraren kontrakoa).
Zer gertatzen da zigorrarekin?
Zigorrak alda dezake jokabide bat aldi baterako, baina eragin oso mugatua du: ez du ikaskuntza sakonik sortzen, ezta aldaketa iraunkorrik ere, ez baitu benetako ulermena sustatzen, eta ez du modu positiboan motibatzen jasotzen duena.
Errefortzu Positiboa Ikaskuntzaren Bultzatzaile gisa.
Demagun katu bat, sofaren ordez hazkagailu bat erabiltzen ikasten ari dena. Katuak hazkagailua erabiltzen duen bakoitzean, laudorio bat jasotzen du (errefortzu positiboa), areagotu egiten da portaera hori errepikatzeko probabilitatea. Izan ere, katuak hazkagailuaren erabilera sari batekin lotuko du (zoriona jasotzea, jabea berekin pozik sumatzea), eta horrek jokabidea sendotzen lagunduko du.
Pertsonen kasuan, ikasgela batean, ikasle batek aktiboki parte hartzen duenean, bere irakaslearengandik egindako ekarpenengatik laudorioak jasotzen dituenean, litekeena da etorkizunean ere parte hartzen jarraitzea. Laudorio horiek errefortzu positibo gisa funtzionatzen dute, ikasleari bere ideiak partekatzen jarraitzera bultzatuz eta ikasgelan duen motibazioa eta konfiantza areagotuz.
3. Behaketa bidezko ikaskuntza: Imitazioaren bidez ikastea.
Behaketa bidezko ikaskuntza, Albert Bandurak proposatua, prozesu bat da, zeinaren bidez norbanakoek, behaketaren bidez, besteen portaera imitatzen ikasten duten, besteek nola exekutatzen dituzten eta zer emaitza lortzen dituzten ikustean, zuzeneko esperientziarik gabe. Ikaskuntza mota hori ohikoa da gizakietan zein animalietan, eta jokabide ereduen garrantzia nabarmentzen du.
Talde batean, txakur gazte batek txakur helduek nola erreakzionatzen duten ikusiko du hainbat egoeraren aurrean; besteak beste, arrotz bat iristen denean edo janaria aurkitzen dutenean. Bere taldeko kide eskarmentudunenak ikustean, txakur gazteak haien erantzunak imitatzen ditu, eta noiz ohartarazi behar den, adiskidetsu noiz agertu behar duen edo lasai noiz egon behar duen ikasten ditu . Behaketan oinarritutako ikaskuntza horri esker, txakurrak bere taldearen arauekin bat datozen egokitze-jokabideak har ditzake. Etxekotutako txakur baten kasuan, gu gara gidari eta erreferentzia rol horiek betetzen ditugunak, gu gara bere familia edo taldea.
Gizakietan ere, imitazio bidezko ikaskuntza funtsezko tresna da, bereziki haurtzaroan. Haurrek helduen eta beste haur batzuen ekintzak eta erreakzioak behatuz ikasten dute, baliagarritzat edo balioetsitzat jotzen dituzten portaerak imitatuz. Adibidez, haur batek bere jostailuak partekatzen ikas dezake, hori egiteagatik saritzen, zoriontzen duten ikaskide bat behatuz eta imitatuz.
Ikaskuntza mota horrek nabarmendu egiten du jokabide-ereduek ingurunean duten garrantzia, norbanakoek arrakastatsutzat edo atsegingarritzat jotzen dituzten jokabideak imitatzeko joera baitute, garapen sozial eta emozionalerako funtsezko oinarria osatuz.
4. Motibazioa: Ekintzaren motorra.
Motibazioa funtsezko printzipioa da ikaskuntzaren psikologian, ikasteko eta oztopoak gainditzeko gogoa sustatzen baitu. Jardutera bultzatzen gaituena da, gure erabakiak eta jokabideak gidatzen dituen barne-bulkada. Motibazioa, gainera, oso subjektiboa da: pertsona edo animalia batentzat motibagarria dena agian ez da beste batentzat, esperientzia, desira eta behar indibidualek eragiten baitute.
Bi motibazio mota nagusi daude: motibazio estrinsekoa, kanpoko sariek bultzatua, eta motibazio intrintsekoa, interes edo gogobetetasun pertsonal batetik sortua. Bi motibazio-mota horiek garrantzi handia dute ikaskuntzan eta portaeran; hala ere, barne-motibazioak konpromiso iraunkorragoa eta sakonagoa sortzen du.
Adibidez, gurasoen opari bat jasotzeko edo zigorrik ez jasotzeko (sakelako telefonoa kentzea) ikasten ari den ikasle bat modu estrinsekoan motibatuta dago. Artea sortzearen plazer hutsagatik edo bere sormena arakatzearen plazer hutsagatik marrazten duen haur bat berez dago motibatuta.
Txakurr bat goxokien sariagatik (motibazio estrintsekoa) trebatze-ariketak egitera motibatuta egon daiteke, esertzen edo hanka ematen ikasiz. Txakur batek leku berriak ezagutzea, pertsonekin atsegina izatea edo jolastearen poz hutsa atsegin dituenean, trukean ezer espero gabe, jokabide horiek modu natural eta etengabean mantentzeko joera izango du.
5. Orokortzearen garrantzia eta Testuinguru Ikaskuntzaren Garrantzia
Egoera batean eskuratutako ezagutza edo portaera bat antzeko beste egoera batzuetan aplikatzeko trebetasuna da Orokortzea. Testuinguruaren bidez ikasteak, bestalde, portaera inguruko seinale espezifikoen arabera egokitzeko gaitasuna dakar, egoera aldakorrak kontuan hartuta.
Ikaskuntza orokortzea
Orokortzearen adibide sinpleak lirateke, adibidez, etxean esertzen ikasi duen txakurrak jokabide hori parkera edo lagun batean etxean dagoenean transferitzen duenean; edo etxean "eskerrik asko" esaten ikasi duen haur batek jokabide hori beste testuinguru batzuetara zabaltzen duenean, eskolan edo denda batean, adibidez.
Testuinguru Ikaskuntza: Inguruko Seinaleetara Egokitzea.
Animalietan, txakur batek ikas dezake etxe barruan lasai egon behar behar duela, saltoka eta korrika ibili gabe; eta aldiz, hondartza edo mendia bezalako espazio irekietan, bai, egin dezakeela. Testuingurura moldatze hori funtsezkoa da animaliak ingurunearen arabera behar bezala erantzun ahal izateko.
Gizakiontzat, testuinguruaren araberako ikaskuntza ere funtsezkoa da, batez ere egoera sozial eta akademikoetan. Ikasle batek jakin dezake ikasgelan irakasleari adi eta haren arauak errespetuz jokatu behar duela; eta jolas-orduan, berriz, modu askeago eta lasaiagoan joka dezakeela. Portaera testuinguru bakoitzera egokitzeko gaitasun honek egoera bakoitzeko arau espezifikoak ulertzen direla eta ikasketa sakonagoak barneratzeko gaitasunak erakusten ditu.
Prozesu horiek funtsezkoak dira animalien eta gizakien garapenean, erantzun malgu eta egokia emateko gaitasuna emanez, inguruneko esperientzia ugaritasunaren aurrean.
Azken hausnarketa
Ikaskuntzaren psikologiak irakasten digu, gure arteko desberdintasunak gorabehera, garapena gidatzen duten mekanismoak eta oinarrizko printzipioak partekatzen ditugula animaliekin. Antzekotasun horiek ulertzeak, irakasteko eta entrenatzeko dugun gaitasuna hobetzeaz gain, espezie guztien ikaskuntza-prozesuekiko ikuspegi enpatikoagoa eta errespetuzkoagoa sustatzen du. Azken finean, ikaskuntza, bai gizakiena bai animaliena, egokitzeko, hazteko eta konektatzeko bidaia bat da.
Comments