top of page
Writer's pictureEider Otaegi Oiarzabal

Nola eragiten diote zure emozioek zure animaliaren portaerari?


Inoiz galdetu al diozu zeure buruari nola eragiten dion zure egoera emozionalak zure etxeko animaliari? Animaliekin bizi garenontzat, gure emozioek haiengan nola eragiten duten ulertzea ezinbestekoa da erreferente onak bilakatzeko.


Gure Gorputz Hizkuntza irakurtzen adituak

Animaliak oso sentikorrak dira igortzen ditugun seinale emozional eta energetikoekiko. Hori bereziki nabarmena da gizakiarengandik hurbil dauden espezieetan, hala nola txakurretan eta katuetan. Animaliek gure gorputz-hizkuntza interpretatzen dute, eta askotan guk geuk oharkabean pasatzen ditugun seinaleak hautematen dituzte; gure jarrerak, keinuak, ahots-tonuaren aldaketak eta baita gure muskuluetako tentsioa ere. Horrek guztiak gure egoera emozionalari buruzko informazioa helarazten die, eta horrek eragina du haien portaeran, gurekiko egokitzen baitituzte erantzunak.


Lasaitasunaren garrantzia zure animaliarekiko harremanean

Gure animalien bizikidetzan eta heziketan alderdi garrantzitsuenetako bat lasaitasunez lan egiteko gaitasuna izatea da. Erreferente ona izateko, funtsezkoa da harremanari jarrera lasai eta zentratu batetik heltzea. Urduri, antsietatez edo suminkor dagoen pertsona batek bere maskotak hautemango dion energia mota bat proiektatuko du, eta horrek animaliak modu konkretu batzuetan erantzunaraztea eragingo du: egonezinez, gehiegizko asalduraz, beldurretik, agresibitatez, desobedientziaz, saihesteko jokabideekin,... Aitzitik, lasai gaudenean, segurtasuna transmititzen diegu, eta horrek erronkei eta inguruari hobeto aurre egiten laguntzen die.


Autoezagutza: Harreman sendo eta osasuntsu baterako gakoa

Autoezagutza tresna indartsua da gure animaliekin elkarbizitzan. Gure indarguneak eta ahuleziak identifikatzean, estresa edo antsietatea sortzen diguten egoerei arreta jar diezaiekegu, eta gure emozioak erregulatzen lan egin, gure animaliari eragin baino lehen.


Adibidez, imajinatu zure txakurra paseatzean, urduri jartzen zarela beste txakur batzuk hurbiltzen ikusten badituzu, zure txakurrak bat-batean erreakzionatuko duen beldur zarelako. Erreakzio horretaz jabetzen bazara, beste txakur bat hurbiltzen ari dela konturatzen zaren unean, arnasketa sakonak egin eta zure gorputzaren jarrera erlaxatu dezakezu. Horrela, segurtasuna transmitituko diozu tentsioaren ordez, zure txakurrak konfiantza handiagoa izango du zugan (eta zuk zeure buruarengan) eta, pixkanaka, topaketa horietan hobeto moldatuz joango zara.


Edo imajinatu suminkor sentitzeko joera duzula lan-egun luze baten ondoren. Patroi hau ezagutzen baduzu, erlaxatzeko minutu batzuk har ditzakezu zure maskotarekin elkarreragin aurretik. Horrela, pilatutako tentsio hori transmititzeko probabilitatea murriztuko duzu eta, horren ordez, giro lasaia eskainiko diozu, bere ongizatea eta zurekin konexioa bultzatzen dituena.


Erreferente emozional on bihurtzeko estrategiak

  1. Praktikatu erlaxazio teknikak: Barneratu zure egunerokotasunean arnasketa kontzientea edo mindfulness-a, zure ongizatea hobetzeaz gain, zure animaliari lasaitasuna transmitituko diote.

  2. Eman denbora introspekzioari: Egin gogoeta tentsio gehien sentitzen duzun uneei buruz, eta ikasi zure estres-seinaleak identifikatzen.

  3. Sortu ingurune lasai eta seguru bat: Eraiki zure animaliari egonkortasuna eta aurreikusgarritasuna emango dion espazio bat, non erlaxatu eta seguru sentitu ahal izango den, eta bere beharrak ezustekorik gabe asetuko direla jakingo duen.


Ondorioa

Gure animalientzako erreferente ona izateko, funtsezkoa da harreman horri lasaitasunetik eta autoezagutzatik heltzea. Haiek ispilu emozionalak dira, eta gure jarrerak eta emozioak islatzen dituzte; beraz, norberaren lana da elkarbizitza orekatu baten oinarria. Ez ahaztu, zeure burua hobeto zainduz eta ulertuz, zure animalia ere hobeto zaintzen eta ulertzen ari zarela.

3 views0 comments

Recent Posts

See All

Comments


bottom of page