top of page
Writer's pictureEider Otaegi Oiarzabal

Zergatik da funtsezkoa zure katuarekin jolastea?

Gure bizitza katu batekin partekatzea eta bere mundua gure etxe barrura mugatzea erabakitzen dugunean, ardura handia hartzen dugu: bere behar biologiko guztiak agian guztiz asetu ez ditzakeen ingurune batean bere ongizatea bermatzearena. Katuak, beren izaerarengatik, ehiztariak eta esploratzaileak dira; kanpora sarbiderik ez dutenez, behar horiek ase gabe gera daitezke, eta horrek kalte egiten die haien osasunari eta oreka emozionalari. Horregatik, jolasa ez da luxu bat, ezta aukera bat ere: ezinbesteko beharra da etxeko edozein katurentzat.



Eta nire katuak jolasten ez badu?

Egia da katuek, animalia guztiek bezala, askoz joera gehiago dutela jolasteko kumeak direnean, baina jolasa ez dagokio etapa horri soilik. Katuek jolasaz gozatzen dute helduaroan, estimulu egokiak ematen bazaizkie. Batzuek esan izan didate: "Nire katuak ez du jolasten". Egoera horretan bazaude, garrantzitsua da jolasaren unea nola bideratzen ari zaren hausnartzea. Interesik agertzen ez badu, jolas-mota egokia ez delako izan daiteke, jostailuak ez direlako behar bezain estimulagarriak edo giroak ez diolako mesederik egiten bere portaera naturalari. Pazientzia eta doikuntza pixka batekin, edozein katuk deskubri dezake jolasaren plazerra.


Jokoaren onurak zure katuarentzat:

1. Ariketa, osasun fisikoaren zutabe.

Naturan, katuak harrapari aktiboak dira, eta egunaren zati esanguratsu bat ehizan ematen dute. Portaera horrek mugimendu azkarrak, jauziak eta lasterketak dakartza, sasoian egoten laguntzen dietenak. Etxeko ingurunean, ordea, jarduera hori izugarri murrizten da, eta horrek gehiegizko pisuko arazoak sor ditzake. Jolasteak bizkor egoten eta sedentarismoarekin lotutako gaixotasunak saihesten laguntzen die.


2. Bere burua estimulatzen du

Katuak animalia inteligenteak dira, eta erronka mentalak behar dituzte orekatuta egoteko. Atzetik jarraitzea, arazoak konpontzea edo ustekabeko mugimenduak eskatzen dituzten jolasek erne eta gogotsu mantentzen dituzte. ⚠️Buruko estimulazio nahikorik ez duen katu batek estresarekin eta jarduera faltarekin lotutako gaixotasunak garatu ditzake, hala nola antsietatea edo portaera obsesiboak.


3. Zurekin duen lotura indartzen du

Elkarrekin jolasteak zure eta zure katuaren arteko harremana indartzen du, konfiantza eta konexio emozional sakonagoa sortzen duelako, biek gozatzen duzuen uneak partekatzen baitira.


4. Estresa gutxitzen du eta portaera arazoak prebenitzen ditu

Katu aspertuak edo frustratuak jokabide desegokiak garatu ditzake, hala nola hozka egitea, altzariak atzamarkatzea edo oldarkor agertzea. Jolasak metatutako energia hori bideratzen du eta egoera emozional orekatuagoa lortzen laguntzen du.


⚠️Zure katuak joko gehiago behar duenaren seinaleak

Adi egon jokabide hauei, zure katua aspertuta dagoela eta estimulazio gehiago behar duela adieraz baitezakete:


  • Miau-kopuru handiegia.

  • Portaera suntsitzaileak; altzariak harramazkatzea, adibidez.

  • Beste animalia edo pertsona batzuekiko agresibitatea.

  • Apatia edo inguruarekiko interes falta.


Nola jokatu zure katuarekin eraginkortasunez

Jokoa ehiza-jokabide naturalak imitatzeko diseinatu behar da; besteak beste, zelatatzea, atzetik jarraitzea eta harrapatzea. Hona hemen joko saioak aberasgarriak izateko jarraibide batzuk:

1. Erabili jostailu egokiak

Ez jolastu zuzenean eskuekin harramazkak edo haginkadak saihesteko. Aukeratu jostailu seguru eta askotarikoak, hala nola:

  • Lumak dituzten kañaberak edo mugitzen ari diren harrapakinak simulatzen dituzten zintak.

  • Pelutxezko saguak edo harrapa ditzakeen bolak.

  • Ezkutatzeko eta esploratzeko tunelak edo kaxak.

2. Errutina bat ezarri

Nahikoak dira egunean 10-15 minutu dedikatzea zure katuarekin jolastera, haren portaeran eta ongizatean onurak igartzen hasteko.

4. Harrapakinen portaera imitatu eta arrakasta eduki dezan bilatu

Jostailua izkina baten atzean ezkutatzeak eta poliki-poliki mugitzeak gehiago erakarriko dute zure katuaren arreta mugimendu jarraitu eta aurreikusi daitezkeen batzuek baino. Utzi noizean behin jostailua "harrapatzen". Horrek bere sen harraparia asetzen du, eta zapuztua sentitzea saihesten du.

5. Ingurunea aberastu

Jolas-saioak giro bizigarriarekin osatu. Igo ahal ditzakeen apalak, hazkagailuak eta behatokiak leihoetatik hurbil, esploratzeko eta aktibo mantentzeko aukera emango diote, baita jolasteko prest ez dagoenean ere.

6. Jarri arreta zure katuaren lehentasunei

Katu bakoitzak bere nortasuna, lehentasunak eta energia mailak ditu. Batzuek nahiago dituzte joko azkar eta biziak, jauziak eta lasterketak dituztenak; beste batzuek, berriz, mugimendu pausatuagoez gozatzen dute, zelatan egoteaz, adibidez. Bere erreakzioei erreparatu, eta jokoa bere interesetara egokitu.


Ondorioak

Jolasa zure katuarentzako entretenimendu-modu bat baina askoz gehiago da: bere bizi-kalitatearen funtsezko zati bat hain zuzen. Jolasa bere eguneroko errutinan integratzeak bere ongizate fisiko eta emozionala hobetzeaz gain, osasun eta portaera arazoak prebenituko dituzu eta berarekin partekatzen duzun lotura indartuko du.


Hasi gaur! Eskain iezaiozu kalitatezko denbora zure katuari, eta ikusi nola jolasak bizitza beteagoa eman diezaiokeen. Zure katuak eskertuko dizu!


Jolas egoki eta interesgarri bat sortzeko zalantzak badituzu edo zure heziketarekin laguntza behar baduzu, jar zaitez nirekin harremanetan. Hemen nago zure felinoarekin harreman indartsuago eta harmoniatsuago bat eraikitzen laguntzeko.


1 view0 comments

Recent Posts

See All

Comments


bottom of page