Animaliek lagundutako esku-hartzeetarako erabiltzen diren animalien artean, txakurrak dira gehien hautatzen direnak. Horrek ez ditu baztertzen beste espezie batzuk, onura paregabeak ekar baititzakete (adibidez, zaldiak hipoterapian), eta, beraz, aukera ezin hobea izan daitezke erabiltzailearen behar eta interes espezifikoen arabera.
Hala ere, post honetan aztertu nahi duguna txakurrak animaliekin lagundutako terapietarako lehen aukera izatearen zergatiak dira. Ikusiko dugun bezala, egokiak egiten dituzten ezaugarrien konbinazio batek eragiten du aukera hori:
Lotura emozional eta soziala
Txakurrak gizakiaren lagun izan dira milaka urtez, eta etxekotutako lehen espezieetako bat izan da. Bizikidetzako historia luze horri esker, txakurrek gizakiak eta haien portaerak ulertzeko gaitasun itzela garatu dute. Gainera, harreman luze horrek, komunikazio eraginkorra eta lotura berezia errazten ditu, eta lotura hori oso onuragarria da testuinguru terapeutiko batean.
Entrenatzeko eta egokitzeko gaitasuna
Txakurrak oso entrenagarriak dira, eta terapia-saioetarako trebetasun eta teknika espezifiko ugari ikas dizakete. Gainera, saioetan gertazen dena ulertzeko eta hainbat giro eta egoeratara egokitzeko duten gaitasunak erabiltzaileentzako giro seguru eta fidagarria sortzea errazten du.
Enpatia eta sentikortasuna
Txakurrek giza emozioak hautemateko gaitasun handia dutela erakutsi dute. Gaitasun honek erabiltzaileen behar emozionalei behar bezala erantzuteko aukera ematen die, pertsonei behar dutenean laguntza eskainiz.
Onura fisikoak eta kognitiboak
Frogatuta dago txakurrekin hartu-emanak arteria-presioa murriztu, estres eta antsietate mailak gutxitu eta aldarte orokorra hobetu dezakeela. Bestetik, errehabilitazio fisikoan dauden pertsonentzat, txakurra motibazioa izan daiteke bestela zailak edo aspergarriak topatuko lituzketen ariketak egiteko. Alderdi kognitiboari dagokionez, txakurrek arreta, oroimena eta komunikazio-trebetasunak bezalako gaitasunak areagotzeko lagungarri izan daitezke, batez ere zailtasunak dituzten pertsonentzat.
Inklusioa eta irisgarritasuna
Azkenik, pertsona gehienek jarrera positiboa dute laguntza-txakurrekiko, batez ere, testuinguru hezitzaile eta terapeutikoetan, eta horrek hainbat programatan onartzea errazten du. Gainera, egokigarritasun horri esker, hainbat ingurunetan lan egin dezakete, hala nola ospitaleetan, adinekoen zentroetan eta eskola eta etxe partikularretan.
---
Eider Otaegi
Animaliek lagundutako esku-hartze programetan aditua.
Comments