Aurrekoan, auzoko batek hausnarketarako bidea eman zidan zerbait komentatu zidan: “Nire txakurrak zaunka egiten du, bere hitz egiteko modua delako”. Egia da zaunka txakurrengan komunikatzeko modu bat dela, baina… Imajinatzen al duzu gure semeak edo alabak etengabe oihukatzea zerbait adierazteko? Ez litzateke egokiena izango, ezta? Gauza bera gertatzen da txakurrekin: gehiegizko zaunka zerbait ondo ez doan seinale izan ohi da, eta kudeatu egin behar da.
🙄🐕Zergatik egiten dute zaunka txakurrek?
Txakurrek arrazoi askorengatik egiten dute zaunka, eta zergatia ulertzea gakoa da arazoari heltzeko. Hauek dira kausa ohikoenetako batzuk:
Arreta-eskaera: Txakur batek ikasi badu zaunka eginez erantzun bat lortzen duela, hala nola janaria, laztanak edota baita errieta bat, hala egiten jarraituko du.
Urduritasuna: Txakurrek ere zaunka egin dezakete gehiegi estimulatuta daudenean, beste txakur edo pertsona batzuk ikustean edo jolas bizian aritzean bezala.
Beldurra edo segurtasunik eza: Txakurrek zaunka egin dezakete zerbait mehatxutzat hartzen dutenean, dela beste txakur bat, dela pertsona ezezagun bat, dela ustekabeko zarata bat.
Asperdura edo frustrazioa: Estimulazio fisiko edo mentalik ezak txakur bat zaunka egitera eraman dezake, batez ere, tentsioa arintzeko.
🚨 Nola indartzen dugu zaunka, konturatu gabe?
Nahi gabe, gizakiok indartu egin ohi dugu gure txakurren zaunka. Batez ere, halakoekin:
Arreta jarriz: Txakurrak zaunka egiten duen bakoitzean biratu, begiratu edo hitz egiten badiogu, bere portaerak eragina duela erakusten ari gara.
Errieta eginez: Kontraesana dirudien arren, errieta ere arreta gisa interpretatu ohi dute txakurrek.
Nahi dutena emanez: Txakur batek zaunka egiten badu zerbait nahi duelako eta une horretan ematen badiogu (jostailu bat, janaria, paseatzera atera,...), jarrera hori indartzen ari gara.
Zaunka kudeatzeko estrategia praktikoak
Zaunka kudeatzeko gakoa arazoaren kausari heltzea eta portaera indartzen saihestea da. Hona hemen estrategia batzuk:
Zergatia identifikatu: Txakurrak zaunka egiten duen testuingurua behatu, zergatik egiten duen ulertzeko.
🎧🐕 Arreta eskatzen ari bada, ez entzunarena egin: Zaunkaka ari den bitartean, txakurrari ez begiratzea, ez hitz egitea, eta ez elkar-eraginik izatea esan nahi du horrek. Zaunkak saririk ekartzen EZ duela argi utzi.
Lortu nahi den portaera saritu: Lasaitasun edo isiltasun uneak indartu, laztan, hitz atsegin edo sariekin.
Estimulazio nahikoa eman: Ziurtatu txakurrak ariketa fisiko eta mental nahikoa jasotzen duela. Joko interaktiboek, paseo erregularrek eta entrenamenduak lagun dezakete.
Beldurra edo frustrazioa landu: Zaunka segurtasun faltagatik egiten bada, pixkanaka beldurra sortzen dion horren aurrean lanketa bat egin behar da, desensibilizazioa eman dadin.
Gogoratu zaunka txakurren adierazpen modu naturala dela, baina ez dela estres iturri etengabea bihurtu behar, ez haientzat, ez guretzat. Pazientzia, ulermen eta estrategia egokiekin, posible da zaunka kudeatzea eta elkarbizitza hobetzea.
Comentários